PSIKOMOTRIZITATEA


1. PSIKOMOTRIZITATE GELAKO EZAUGARRIAK
Gela: Psikomotrizitate gelak handia behar du izan, ongi aireztatuta, mota
desberdinetako objektuak eta adin desberdinetako haurrak (0-7/8 urte) hartzeko
modukoa. Egokiena litzateke gela hori bertze ezertarako ez erabiltzea baina sarritan
baldintza hori bete ezina denez erabilpen anitzetako gela edo gimnasio bat ere erabil
daiteke (kasu honetan lan handiago egin beharko dugu, saioa hasi aurretik gela osoa
prestatu beharko dugulako eta saioa bukatu ondoren dena desmuntatu).
Gelako leku batean sarrera eta bukaera errituala eginen dugu. Leku hori finkoa izan
daiteke, hau da, bertze ezer ez da eremu horretan eginen (gela handia denean) edo
erritualak egin ondoren leku hori ere adierazpen psikomotrizitaterako erabili (gela
ertaina edo txikia denean).
Gelan, bestalde, bi eremu ongi bereiztuak aurkitzen ditugu; eremu biguna eta eremu
gogorra.
Eremu bigunean koltxonetak, txirristak, espalderak, eskailerak, altuera desberdinetako
eremuak, bankuak, plintonak, … aurkitzen dira, haurrak bere motrizitatea garatu ahal
izateko. Eremu honetan ematen diren aktibitateen bidez, haurrak plazer psikomotora
esperimentatzen du. Saltoak, borrokak, arrastreak, irristaketak, trepak, eskegitzeak,
orekak, desorekak, bultzatzeak, birak, erorketak… izaten dira eremu honetan ematen
diren hainbat adierazpen.
Eremu gogorrean, berriz, batez ere joko sinbolikoa aurkituko dugu. Haurrak goma –
espumazko kuxinak, oihalak, uztaiak, pilotak, pikak, panpinak, sokak, ontziak…
erabiliko ditu bere mundu sinbolikoa sortzeko. Kuxinekin, normalean, eraikuntzak
sortzen ditu eta bertan garatuko du bere joko sinbolikoa.
Sarrerako errituala bukatu ondoren eta adierazpen psikomotoreari hasiera eman baino
lehen, haurrek pareta botako dute. Pareta, geroago joko sinbolikoa egiteko erabiliko
ditugun goma espumazko kuxinekin eginen dugu.
Adierazpen psikomotorea bukatzen denean errepresentazio momentua ailegatzen da.
Honetan tamainako desberdinetako egurrak, plastilina, margoak, orriak, arkatzak…
izaten ditugu irakasleak planifikatzen duen aktibitatean erabili ahal izateko.
Saioa bukatzeko, berriz ere erritualak egiteko erabiltzen dugun eremuan kokatuko gara
eta ikasleak agurtu ondoren, oinetakoak jantzi eta gelara joanen dira.

2. PSIKOMOTRIZITATEAREN GARRANTZIA
2.1- HEZIKETAREN HELBURUA
Heziketaren helburua, haurrak dituen gaitasunak era egokian garatzen laguntzea eta
konpetentziaz gizarteratzeko prestatzea da.
Horretarako, Haur hezkuntzan bereziki, eskolak transmititzen dituen eduki
kurrikularrak barneratu ahal izateko oinarriak finkatzen dira.
Oinarri hauek zerikusi zuzena dute pertsonaren garapen orokor eta harmonikoarekin,
hau da, haurraren arlo afektibo, emozionala eta intelektuala osasuntsu eta orekatuak
izatearekin.
Hau dena,guztiz bat dator Aucouturierrek garatu duen psikomotrizitearen
filosofiarekin. Autore honen esanetan: “Toda propuesta educativa debería tener en
cuenta prioritariamente los problemas afectivos del alumnado, darles la posibilidad de
manifestarlos y tal vez intentar resolverlos. !Se trata de una propuesta revolucionaria”.

2.2- PSIKOMOTRIZITATEAREN HELBURUAK
• KOMUNIKAZIOA
- Psikomotrizitatearen helburu bat haurra Komunikaziora bideratzea da.
Bere buruaz eta emozioz hitz-egiteko aukerak ematea, horretarako bideak
eta posibilitateak eskainiz.
- Komunikazioa denok dugun ezinbesteko beharra da eta guztion arteko
harremanaren funtsa, aldi berean.
- Lehendabiziko komunikazioa toniko emozionala izaten da, haur
txikiekin bereziki. Ondoren, ahozko komunikazioa garatzen dugu.
- Gu gara besteek toki bat ematen digutelako. Besteen begiradaren beharra
daukagu gure buruaren irudia eraiki ahal izateko.

SORMENA
- Psikomotrizitatearen beste helburu bat Sormenaren bideak irekitzea da.
Sortzea egiten dugun guztia da; mugitzea, jolastea, hitz egitea… Barnetik
ateratzen zaigun munduarekin erlazionatzeko modua sortzen dugu
etengabe eta horren seinalea uzten dugu gure ekintzen bidez: “begira hau
naiz ni” erraten digu haurrak bere sormenaren bidez.
- Sortzeak existentziaren sentimendua ematen dio haurrari. Sortzen duena
bere ispilua da, bertan erakusten die bere burua besteei.
- , berak sinbolikoki eskaintzen du bere burua ekintza horretan.

PENTSAERA
- Psikomotrizitatearen hirugarren helburua pentsamendu operatorioaren
eraikuntza bultzatzea da.
- Pentsamendu operatorioari esker haurra bere emozioak kontrolatzen
hasten da. Ordura arte, sarritan, emozioak ziren haurra kontrolatzen
zutenak. Errealitatea eraldatu behar zuen bere beharrak asetzeko. Hasieran
pentsaera mugimenduari lotuta dago, ekintzari. Bide honetan, 6-7-8 urte
arte eboluzio bat dago haurrak ekintza bat garatu gabe irudikatzeko gai
izan arte. Pentsamendu operatorioak haurra egozentrismotik ateratzen,
mundua berezko legeak (haurrengandik aparte) dituela ikasten laguntzen
du.

2.3- PSIKOMOTRIZITATEAREN APORTAZIOA


• HAURRAREN IZAKERA ETA GARAPENAREKIKO IKUSPEGI BEREZIA

o Ikuspegi honek haurraren jokabidearen arrazoiak ulertzen laguntzen
digu. Haurra ez da garatzeko bidean dagoen heldu da. Haurrak izaera
propioa du eta haurra bezala perfektua eta horrela ulertu behar dugu.
o Haurrak munduarekin erlazionatzeko modu partikularra du, hau da,
haur bakoitzak badu munduarekin harremantzeko era berezi bat. Honi
deitzen diogu haur horren Adierazpen psikomotriza:
- Adierazpen honen bidez,haurrak bere buruaz hitz egiten digu,
bere afektibitate sakonenari buruz, bere inkonszienteaz.
Haurraren izaera, bere adierazpen psikomotriza eta bere
singularitatea errespetatu behar ditugu.
o Izaki globala: haurraren barrenean motrizitatea, kognizioa eta emozioa
elkar erlazionaturik daude eta banaezinak dira.
- Ekintzaren bidez pentsatu egiten du. Hitzik gabeko barne
hizkuntza, ekintza eskemak maiz erabiltzen ditu. Haurrak
mugimendua bizi du. Gorputza eta pentsamendua ez dira
erlaziorik gabeko izakiak, inter-erlazionaturik daudela baizik.
Geldi unetan, hurrengo ekintza aurreikusten du eta bertara
abiatzen da. Haurraren heldutasunari esker, 5-7 urterekin,
deszentrazioa bereganatzen du, hau da, emozioetatik distantzia
hartu, norberaren burua ikusteko ahalmena garatzen du eta
pentsamendu operatorioan sartzen da.
o Ikuspegi honetan, haurra ongi egiten dakienetik abiatzen dela kontutan
hartzen da. Gure begirada bere ahulgunetan zentratu beharrean,
indargunetan zentratuko dugu.

• ESTRUKTURAKETA BALIOGARRIA.
Psikomotrizitate saioak ematen digu egituraketa hori. Egitura berezia duen gela bat
daukagu. Bertan, bere adierazpen motriza bideratuko duen espazio, denbora eta lege bat
aurkituko du haurrak. Egituraketa horren ezaugarriak honako hauek lirateke:
- Adierazpen psikomotriza. Haurrak askatasunez jokatzen du eta bere den
bezalakoa agertzen da. Gorputza eta ekintzaren bidez komunikatu egiten
du haurrak.
- Desioa. Ekintza bere desiotik abiatzen da eta desio hori den bezalakoa
onartzen da, kulpabilizatu gabe. Eskolako bertze eremu batzuetan, haurrak
uko egin behar izaten dio bere desioari eta helduak erraten diona egin
behar du. Psikomotrizitate gelan, irakasleak ez dio zer egin behar duen
erraten.
- Seguritatea, kontenzioa. Psikomotrizitate gela araututako eremua da.
Haurrak nahi duena egin dezake baina lege baten barrenean. Helduak
ezartzen duen lege horrek bere inpultsoak kontenitzen laguntzen dio.
Haurra, beraz, seguru sentitzen da, segurua sentiarazten duen lege bat
dagoelako (“minik ez eman eta minik ez hartu”) eta helduak ere
kontentzio eremua eskaintzen diolako.
- Heldutasunaren ibilbidea. Psikomotrizitate saioan ibilbide bat dago;
heldutasunaren ibilbidea. Inpultsibitatetik deszentraziorako bidea.
Psikomotrizitate saioan haurrak hiru fase bizitzen ditu: inpultsibitate
motrizarena, sinbolismoarena eta, azkenik, errepresentazioarena.

2.4. PSIKOMOTRIZITATEA ESKOLAN
Eskolan egiten dugun psikomotrizitatea Hezkuntza Psikomotrizitate deiturikoa da.
Psikomotrizitate mota hau zailtasunak dituzten ikasleekin erabil badaiteke ere, guk
eskolan garrantzia handia ematen diogu taldeari, ikasleak banaka ezin ditugulako hartu.
Taldeak disfrutatzen badu, aurrera jotzen badu, zailtasunak dituzten haurrek erreferente
bat izanen dute eta lagungarria eginen zaie. Taldean plazera bada, konflikto gutxi
agertzen dira.
Aniztasunaren trataerarako eta bizikidetzarako hagitz metodologia baliagarria da, bertan
ikasle guztiek euren tokia aurkitu eta euren arteko harremana finkatu eta hobetzeko
bidea ematen zaielako.
Gure eskolan psikomotrizitatea 3 urtetik hasi eta 2. mailara arte ematen dugu.
3 urtekoak astean 3 aldiz eta gainontzeko taldeak astean 2 aldiz joaten dira. Aldia erran
dugu eta ez saio, psikomotrizitate saioak gainontzeko saioak baino luzeagoak direlako,
saio bakoitzak ordu eta erdi, gutxienez, irauten duelarik.

3. PSIKOMOTRIZITATE SAIOA
Gelatik kanpo zapatak kendu ondoren, barnera sartu eta, orduan, saioa hasten da.
o Inportantea da lasai ibiltzea. Interesgarria litzateke, denborak ongi markatzea, nahiz eta
malgutasunez jokatzen ahal den. Une sensoriomotor eta sinbolikoan 45 minutu ongi dago.
Sarreran, berriz, 10 minutu.

SARRERA ERRITUALA: 10 minutu.
• Sarrera erritualaren helburua:
Helburua ikasleei ongi etorria ematea da, gela aurkeztea eta bertan ditugun
posibilitateak baita dauden arauak elkarrekin gogoratzea.
• Lasaitasuna:
Erritualak lasaitasunaren momentuak dira. Ikasleek elkar entzuteko unea, euren
inpultsibitatea kontenitzeko momentua. Guk kontentzioa eman behar diegu.
• Plazera:
Lehendabiziko momentutik ikaslearen plazererako gogoa pizten ahalegindu beharko
ginateke. Egun horretarako desioak proiektatu. Adibidez, honelako galderen bidez ” Zer
egiten ahal dugu? Zertan aritu behar zarete gaur? Oroitzen zarete aurreko egunean
egindakoaz?” ikaslea psikomotrizitate eremura erakartzen ahal ditugu.
• Proiektu bat saio bakoitzerako:
Psikomotrizitate gelara joaten garenean, egun horretarako irakasleok proiektu bat izatea
egokiena izanen litzateke. Proiektuak esan nahi du saio horretan zertan jarriko duen
atentzioa, zer nahiko luke indartzea, zer haur behatuko du bereziki… Ikastaldearen
egoeraren arabera, ikasleei proposamenak luzatu, gaurko saioan egin ditzaten (aspalditik
ez dut saltoak nola ematen dituzuen ikusi, gaur zuen saltoak ikustea gustatuko
litzaidake.)
Irakasleak esaten ahal die ere zer ipuina eta zer materiala erabiliko duten
errepresentazioan egun horretan
• Arauak:
Psikomotrizitateko saioan arau nagusi bakar bat dago eta hau da “minik ez eman eta
minik ez hartu”. Arau hau beti gogoratuko dugu erritualaren bukaeran
GEHIGARRIA:
- Ongi legoke, ikasle bakoitzak bere errekonozimendua jasotzea (izena erran eta nola dauden
galdetu, adibidez).
- Saio horretako desioak pizterakoan irakasleak gogora arazten ahal die aurreko egunetan
bizitutako une indartsuak emozioa pizteko.
- Kontutan hartu behar dugu psikomotrizitate gela eremu askea dela. Ikasleak ez du ezer egin
“behar”. Bere nahi eta desiren arabera jokatzen du eta, berez, bakarra da saioaren hasieran
oroitarazten dugun araua: minik ez ematea, ez norberaren buruari ezta bertzeei ere.
- Ikasle batzuek jo egiten dute, ez dutelako euren inpultsoa kontrolatzeko gaitasunik. Berez, “ez
jo” baino gehiago “minik ez ematen ahalegindu” erran beharko genuke. Bestela,
kulpabilizatzeko joera handia izaten da eta bertzeak erredun sentitzeko.
- Kontuz ibili behar dugu arauetan zentratzen bagara aunitzetan negatiboak direlako (ezin da…,
ezin da…). Aunitzez errazago ateratzen zaie erratea ezin egin daitekeena egin dezaketena baino.
Horrexegatik, komeni da alde positibo hori indartzea.
- Arau nagusiaren barruan beste arau batzuk ere badira eta tarteka gomeni da zehaztea. Arau
guztiak, beste kideekiko eta salarekiko errespetuaren inguruan kokatzen dira:
o Bertzearen nahia / egoera errespetatu.
o Besteen eraikuntzak ez puskatu.
o Gauza gogorrak espazio bigunean ez.
o Eraikuntzak alde gogorrean egin. Panpinak normalean alde gogorrean, nahiz eta aukera
ematen ahal zaie “parketik” paseatzeko.
o Sokak gorputzean lotu behar dira istripuak eragozteko.

 PARETA BOTATZEA:
• Gelaren erdian helduok, goma-espumazko blokeekin eraikitako pareta bat izaten
dugu saioa hasi aurretik. Haurrek pareta hau botatzen dute jolas psikomotorikoari
sarrera emateko.
Botatze honekin destrukzioari tokia eman nahi diogu.
• Bota aitzin: Hitz magikoa: Haurrak prestatzen dira pareta botatzeko eta
psikomotrizistak hitz edo keinu baten bitartez irteera ematen die. Zenbaitetan haurrek
aukeratzen dute klabea.
GEHIGARRIA:
- Pareta bota ondoren, saiatu beharko genuke destrukzioaren une hori luzatzen. Pareta berreraiki
eta botatzeko gonbitea luzatu (batez ere, pareta botatzen ez dutenei, aukera eman). Plazer handia
sortzen du haurrengan helduaren kontrako borrokan bultzaka irabazle ateratzen direnean. Heldu
baten aurkako indarrak, distantzia hartzeko, norberaren gaitasunak neurtzeko eta norberaren
identitatea indartzeko aukera ematen dio haurrari.
- Normalean denborarekin behar hau gutxitu egiten da eta pareta botatzearena sinbolo bat besterik
ez da izaten.

 ESPRESIO MOTRIZAREN FASEA: 45 minutu.
• Destrukzioarekin jolastu. Kulparik gabe horretan aritzeko aukerak eman.
Destrukziorako beharra obsesioa bihur daiteke kanalizatzeko bideak ematen ez
badiogu.
• Destrukzioa bizitu behar da Konstukzioa baino lehen. Bidea hau da:
Destrukzioa/plazerra, destrukzioa/konstrukzioa, konstrukzioa/komunikazioa,
komunikazioa/sorkuntza, deszentrazioa/pentsakera operatorioa.
• Haurrek etxeak eraikitzen dituzte babesleku gisa mamuen aurka. Gorputzaren
errepresentazio sinbolikoak dira.
• Sensomotor plazerra jolastu. Omnipotentzia bizitzeko aukerak eman.
Ikaragarrizko ausardiak bizitzearen ilusioa pizteko aukerak. Bide honetan bere
buruarekiko konfiantza eta seguritatea indartzen du.
o Irakaslearen papera litzateke animatu eta proposamenak egin espazioak
eskaintzen dituen aukerak probestu dezaten.
o Goraipatu egindakoa, bizitutakoa. Hitzez, begiradaz, irribarrez,
keinuz…Gure begiradaz tokia eman, presentzia eta onarpena.
o Materialak eman eta eskaini. Materialak sortzeko eta irudikatzeko
baliabidea edo tresna izan beharko luke, ez helburua.
Materiala eskatzen digutenean zertarako nahi duten galdetu behar diegu.
Zertarako nahi duzu, zertan arituko zara?
Guk lagundu behar diegu argitzen bere proiektua galderen bidez.
• Ezkutaketan jolastu. Ezkutatu aurkituta izateko eta errekonozitua.
• Harrapaketan jolastu. Haurrak beldurrarekin jolasten du gainditzeko.
o Aunitzetan probokatu behar dugu jolas hau eta harrapatzailearen papera
bete. Haurrak larritasuna gainditzen duen heinean bera ere paper hori
betetzen saiatuko da.
o. Balitz bezala…jolastu. Jolas hauek seguritatea ematen dute ere, babes gisa,
gizarteratzeko bidean. Kanpoko errealitatea kontutan izanik, nahiak eta fantasiak
betetzeko zentsurarik gabeko bidea.
o Irakaslearen papera inportantea da, motibatzailea. Sinbolikoa mobilizatu.
Proposamenak egin: nor?, zertan?.
o Jolas hauetan, maiz errepikapenak izaten dira. Jakin behar dugu bereizten
noiz errepikapen horretan plazera dagoen eta eboluzionatzeko bidea den
eta noiz plazerik gabeko ezintasun baten isla izan daiteken errepikapen
konpulsiboa.
o Guk ez dugu jolas hauetan sartu behar. Distantziatik behatu behar dugu
eta noizbait parte hartzen gonbidatzen bagaituzte denbora gutxi iraun
behar du bertan.
• Jolas sinboliko honetan erabiltzen duten materiala hobe da eskatu ahala ematea
eta ez libreki hartzeko aukeran izatea.
• Denbora bukatu baino 5 minutu lehenago abisatu jolasteko denbora bukatzear
dagoela.
• Denbora bukatzen denean, denon artean biltzen dugu eta espazioa egiten dugu
hurrengo momentura pasatzeko
GEHIGARRIA:
- Hala ere, guk aunitz motibatu arren, ikasle batzuk segituan joaten dira sinbolikora. Sinbolikora
segituan joatea ez dugu debekatuko. Hala ere, sensioromotoretik pasatzen ahaleginduko gara.
- Batzuk beti errepikatzen ari direla dirudi arren, gehienetan aldaketaren bat egiten dute. Agian,
berarentzat inportantea da egoera hori errepikatzea, eboluzio txiki batekin, bere prozesu
pertsonalean. Bertze batzuetan, berriz, errepikapenak adierazten lezake haur bat blokeatuta
dagoela egoera batean eta lagundu behar diogula hortik ateratzen.
- Saioaren momentu batean, STOP, erran daiteke eta ikasleak ohar daitezen zertan ari diren eta
nola dauden saioaren bukaeran bertzeei azaltzeko.
- Espazio sensoriomotorean aldaketak egiteko ongi legoke aldez aurretik aldaketak prestatzea.
Baina, denborarik ez dugunez, saioan bertan egin daitezke aldaketak espazio horretan.
- Materiala eskatzearen helburua haurrei euren imajinarioa eraikitzen laguntzea da. Gauzei edukia
eman. Ez hartu gauzak hartzeagatik, zerbait eraikitzeko baizik.
o Ikasleei zertarako nahi duten galdetzen diegunean eta ez badakite zertarako nahi duten,
laguntzen ahal diegu imajinarioa eraikitzen (a, zein soineko polita duzun, nor zara? ….?
Agian ehiztaria, otsoa, printzesa…. zara. Zer eginen duzu?...).
o Zenbaitetan materiala guk eskaintzen diegu sortu duten istorioa aurrera eramateko
interesgarria iruditzen zaigulako. Buruan dituzten proiektuak zehazteko, osatzeko edo
estrukturatzeko balio du.
o Batzutan zerbait nahi dute bertzeek dutelako eta, beraz, ez dute gauza hori nahi horrekin
proiektu bat dutelako, bertzeak bizitzen ari diren plazera bizi nahi dutelako baizik.
Beraz, lagundu behar zaie material horrekin egiten ahal dutena eraikitzen.
- Ez da komeni ikasleek pareta egitea momentu horretan, emoziotik urruntzen lagundu behar
diegulako.
- Pareta egiten ahal dugu bukaeran zapatak jantzi ondoren edota irakasleak egin.

 ISTORIAREN FASEA. 5 – 10 minutu.
• Hizkuntzaren bidezko aseguraziorako unea.
• Karga emozionala duten ipuinak, haurrarentzat esanguratsuak direnak, euren
larritasunak mugitzen dituztenak kontatzea komenigarria da
• Kontatzerakoan dramatizatzen saiatzen ahal gara, euren emozioa pizteko.
Larritasuna goitu eta bukaeran seguritatera itzuli.
• Omnipotentzia magikoa oso errekurtso baliagarria da larritasuna uxatu eta
norberaren buruaren irudia sendotzeko.
• Ipuina entzuterakoan haurra bere burua irudikatzen du heroien ekintzetan.
Irudikapen hau aurre-pauso bat da ondorengo errepresentazio faserako.

 ERREPRESENTAZIO FASEA. 15 minutu.
• Hurrengo sinbolizazio maila. Beste pauso bat heldutasunerako ibilbidean.
• Saioan bizitutakoaren isla izaten da
• Fase honen helburuak honelakoak dira:
o Bizipen emozionaletik irudikapen kognitibora pasatzeko aukera
eskaintzea.
o Deszentrazio afektiboa erraztea.
o Adimen operatoriorako sarbidea erraztea.
• Gure betebeharra fase honetan:
o Beharrezkoak zaizkien materialak eskaintzea.
o Haurren ekintza behatu, jartzen duen arreta, esaten duena, sortzen diren
elkarlanak, lan kolektiboen rolak.
o Gure interbentzioak oso eskasak izan behar dira, puntualak, haurraren
sormen prozesua ez eragosteko.
o Hizkuntza kognitiboa erabili behar dugu, ez afektiboa.
• Batzuk marrazkia… bukatzen dutenean, eta bertzeek bukatzen duten bitartean,
aukera ematen ahal zaie ipuinak ikusteko.

IRTEERAKO ERRITUALA
• Ezinbesteko unea da, saioari bukaera ematen diona, egiten ez dugunean saioa
itxi gabe geratzen da. Berriz elkartzeko unea da, azalpenak emateko, gogoetak
egiteko eta agurtzeko unea.
• Adinaren arabera ezberdina izan daiteke:
o Txikiekin abesti edo agurtzeko erritual txiki bat izan daiteke.
o Koxkorragoei proposatzen ahal zaie stop esandako unean zeuden
posizioa imitatzea besteen aurrean.
o Saioa bukatu ondoren haurrak beste pertsona batekin joaten badira,
interesgarria legoke banan-banan agurtzea eskua emanez ateratzerakoan
adibidez.
• Istorioa berrosatzeko momentua izan daiteke ere, ipuinaren unean egin ez bada.
konta. Bakoitzak zer egin duen kontatzeko momentua, bizipenak gogora
ekartzeko. Txikiekin interesgarria da geuk ikusitakoa kontatzea, bakoitzak egin
duen zerbait aipatzea oso gustukoa dute eta era horretan balorean jartzen dugu
euren ekintzak.
• Behin saioa bukatua haurrak zapatak eta arropa janztera joaten dira. Jantzi
ondoren salara bueltatzen ahal dira gela biltzera edo eta pareta egitera hurrengo
taldearentzat. Lan hau txandaka eta talde txikietan egin daiteke ( 5 haurren
artean adibidez)

4. IRAKASLEAREN ROLA
Bi norabidetan lan egin behar dugu: haurrari segurtasun afektiboa eman behar diogu eta,
bertze alde batetik, egitura (arauak, espazioa…) eta autonomia bultzatu behar dugu.
Psikomotrizitate irakaslearen jarrerak:

􀂾 Aditasuna. Ikasleek erraten dutena eta egiten dutenari adi egon.
-Eskatzen dutena eman, ez gehiago eta ez gutxiago.
-Hurbil egon: presente ikusi eta sentitu behar gaituzte.
-Erne egon: irakasleak prest egon behar du taldearen edo ikasle konkretu baten ibilbide
pertsonalean proposamenak egiteko.
- Errekonozimendua eman: ikasleek egiten dutena errekonozitu; bai hitzez, zein keinuz
(irribarre bat, begirada bat aski izan daiteke).
-Begirada periferikoa izan: haur batekin egon arren, bertzeak ere gure begiradapean
egon.
-Psikomotrizitate irakaslearen lehendabiziko betebeharra behatzea da. Ikasleen beharrak
non dauden definitu eta horren arabera jokatu.

􀂾 Lagun sinbolikoa: .
Batzuetan, taldeak edo ikasle batek beharra badu, gu ere jolasean sartzen ahal gara,
emozionalki inplikatu gabe. Momentu horretan, gu euren lagun sinboliko bihurtzen
gara. Estrategia honen bidez, gure helburua jolasean eboluzionatzea edo aldaketaren bat
probokatzea da, taldean zein ikasle batengan. Behin, jolasean sartzean geneukan
helburua betetzen ari dela ikusten dugunean, jolasetik kanpo aterako gara.

􀂾 Autoritatea: muga garbiak, zorrotza eta malgua aldi berean.
- Ikasleen segurtasunerako inportantea da, jakitea heldua beti bere eskura dagoela eta
berak mugak eta arauak zehazten dituela, euren segurtasunagatik.
-Haurren espresioa kontenitu eta onartu behar dugu.
Frustrazio legea erabili: Ikasle bati ezetz erraten diogunean, frustrazioa
sortarazten dugu bere barruan. Frustrazio horri irtenbide bat behar diogu eta horretarako
Frustrazio Legea erabiltzen dugu: “egin nahi duzuna ezin da egin baina bai bertze hau:
orain ezin duzu baina gero bai, hemen ezin da baina hor bai, honela ez baina horrela
bai…
Frustrazio Legea hobesten dugu errepresioaren aitzinean. Errepresioaren bidez, guk
haurrari debekua jartzen diogu eta bete ezean ez dela onartua izanen jakinarazten diogu.
Frustrazio Legearen bidez, ordea, “ez” erraten diogu baina bertze aukera bat eskaintzen
diogu horren ordez.

􀂾 Enpatia:
Haurra ulertu behar dugu, bere tokian jarri, ulertu eta onartu ahal izateko. Baina,
haurrarenganako hurbilketa horretan distantzia emozionala mantentzea inportantea da
bere emozioetan ez blaitzeko.
Helduak ezin du proiektatu bere desira haurrarengan. Batzutan gustatzen
zaigu haurrak besarkatzea (edo musu bat ematea…). Kasu horietan argi eduki behar
dugu hori gure beharra dela eta ez haurrarena. Adi egon behar dugu jakiteko zeintzuk
diren haurren beharrak eta zeintzuk diren gure desirak. Gelan distantzia emozionala
mantendu behar dugu, gure desirak ez proiektatzeko. Haurrak gure partaidetza eskatuz
gero, kasu eginen diegu baina distantzia galdu gabe. Azken finean, helburua haurra gero
eta autonomoagoa izatea da eta gure partaidetzak helburu hori galarazten ahal du.
Autonomia bultzatzea: hiru autonomia mota ezberdintzen ahal ditugu: autonomia
funtzionala ( bere gauzez arduratzea), autonomia afektiboa (gatazketatik bere gisa
ateratzen jakitea, bere emozioen jabe izatea… ) eta autonomia intelektuala (erabakiak
hartzen jakitea, hautatzen jakitea…). Ikasle batzuk hagitz autonomoak dira arlo batetan
baina ez bertzean. Helburua erabateko autonomia lortzea litzateke.

􀂾 Hizkuntzaren erabilera:
-Errealitatera ekartzeko. Haurra gatazkan emozionalki hagitz inplikatuta dagoenean,
errealitatera etortzen lagundu behar diogu hizkuntzaren bidez.
- Emozioetatik distantzia hartzen, kontzientzia hartzen lagunduko diogu, emozioei
buruz hitz eginez.
- Haurrari hitz egiten utzi behar diogu eta horretan lagundu: galdera irekiak eginez,
denbora utziz…
- Batzuetan, haurrak ez daki hitzetan jartzen sentitzen duguna eta guk, kasu horietan,
hitzak aurkitzen laguntzen ahal diogu.
- Haurrarekin hitz egiten dugunean, saiatu behar dugu balorazioak ez ezartzen; hau ongi
dago, hori gaizki dago… Horren ordez, adierazpide zabalagoak ireki, adibidez: bai salto
handia zurea, horrek mina ematen du, begira nola gelditu den zure kidea…
-Hizkuntza deskriptiboaren ordez enuntziatiboa erabiltzea egokiagoa litzateke:
-Emozioak adierazteko lehenengo pertsona erabili. Adib: “egin duzuna ez zait gustatu”
eta ez “hori ez da egiten”.
-Eskaerak edo aginteak egiten baditugu, inperatiboa erabiliko dugu modu
inpertsonalaren ordez. Adib: “ez egin hori” edo “ ez duzu egin behar”, “hori ez da
egiten” edo “ez da egin behar”- ren ordez.

􀂾 Kontrastea:
-Aldaketak ezarri, lekuak egoerak aldatu tarteka.
-Pentsaera dibergentea potentziatu.
-Ajuste egoera berriei

􀂾 Manipulazioa:
-Haurren produkzioen garapena sinbolizaziora bultzatzeko gaitasuna.
- Proposamenak egitea: ikaslearen beharretatik abiatuz, erronka txikiak proposatzea.
Proposamenak edukiz bete (sinbolikoan, adibidez, etxea, mozorroa jantzi…).
Irakasleak ikasleak animatzen ahal ditu ekoizpenak bai egin aurretik (zer eginen duen
galdetuz), bai egin momentuan (egindakoagatik zorionduz) baita psikomotrizitate saioa
bukatu baino lehen (ikusitakoa oroitaraziz).

􀂾 Agresibitatearen aurrean:
Agresibitatearen atzean egon daitezken arrazoiak:
- Hiztegi faltagatik. Hizkuntza murritza.
- Harremanak sortzeko orduan tresna faltagatik.
- Sarritan jokaera agresiboen atzean, bertzeen plazerera hurbildu nahi izatea dago.
- Frustrazioaren aitzinean, erreakzio ez egokia.
- Ongi eza. Emozionalki inseguruak diren haur batzuk agrsibitatearen bidea
hartzen dute, atentzioa eta poterea erakusteko. Haur hauek agerizko arrazoirik
gabe jotzen dutela dirudi.
- Zenbaitetan haur batzuek agresibitatea erakusten dute beraiekiko ditugun
estereotipoak betetzeagatik. Agresiboak diren haurrak, beti agresiboki jokatuko
dutela espero dugu, inkontzienteki sarritan. Haurrak gure espektatiba beteko du.
Agresibitatearen aurrean nola jokatu:
- Agresibitatea barnetik ateratzen zaigun indarra da eta aunitzetan kontrolatzea
izugarri kostatzen zaigu. Ulertu behar dugu indar horrek bere garrantzia duela.
- Haurra ez zalantzan jarri, egiten duena baizik. Kritikatu bere jokaldiak baino ez
bere pertsona. Agresiboa den haurrari ikusarazi behar diogu bere jarreraren
ondorioa, baina errudun sentiarazi gabe eta bere izaera zalantzan jarri gabe.
Estrategiak: “Nik aunitz maite zaitut baina zure jokaerak min handia ematen dit
bihotzean. Agian ez zenuen minik eman nahi, ezta? Badakit ez zenuela nahi
baina badakizu jotzen baduzu ezinen duzula jolastu bertzeekin”.
- Bere ikaskideekiko enpatiarekin konektatzen lagundu. Emozioei hitzak jarri.
Erreparatzeko aukera eman.
- Agresibitatea bideratzen lagundu: psikomotrizitatean hagitz baliagarria. Arreta
berezia jarri haur hauengan, plazerez joka dezaten.
- Gure buruari galdetu haurrari zer gertatzen zaion. Nola laguntzen ahal dugu?
Zertan goraipatzen ahal dut? Zertan da ona?
Bertzearengan sumatzen duen plazera nahi du baina lortzen ez duenez, bertzeena
zanpatzen ahalegintzen da.
- Batzutan gatazketan berehala sartzen gara eta ez diegu eurek konpontzeko
aukerarik ematen. Haur batzuk segituan hasten dira negarrez eta bilatzen gaituzte
eusteko. Ez dira euren burua defendatzeko gai sentitzen eta helduaren eusgarria
bilatzen dute.
- Ikasle batzuek behin eta berriz jotzen dute. Legea oroitarazi arren, bortizkeriaz
jokatzen dute. Kasu horietan, ikaslearekin hitz egin eta errudun sentiarazi gabe,
bere zailtasunez hitz egin. Zer egin dezakegu bortizkeria bideratzeko? Batzutan
aski izaten da gertatzen zaionaz hitz egitea, gelara ekarri edo gelan sortu den
korapiloa askatzeko. Bertze batzutan, aldiz, beharrezkoa da bere agresibitatea
mugimenduen bidez bideratu: koltxonetan kolpeak emanez, irakasleak sortzen
dituen paretak botaz, borroka sinbolikoen bidez…
- Desberdindu behar dugu puntualki sortzen den agresibitatea eta errepikakorra
dena. Bigarren hau da kezkatu behar gaituena.
- Kontutan hartu behar dugu, batzutan plazerak ere eraman gaitzake agresibitatea
baretzera.
- Bortitzak diren haurrek gure barnea ere mugitzen dute. Ulertu behar dugu
tresnak edukiko balituzte ez luketela bortizki jokatuko.
Barkamena:
Batzutan haurrek bertzeak jotzen dituzte eta barkamena eskatzeko erraten diogu.
Jokabide hau arriskutsua izan daiteke bi arrazoirengatik; batetik haurra kulpabilizatzen
dugulako (oroitu behar dugu gehienetan berak ez lukeela joko) eta bertze aldetik
batzutan haurrek uste dute mina eman ondoren “barkatu” hitza erranda inpunitatea
duela.
Helburua da haurrak egin duenaz hausnarketa egitea hurrengoan ez
errepikatzeko (“ikusi duzu bertzea nola sentitzen den, triste?” “zu ere nola sentitzen
zara?”), ohartzea bere jokabideak zein ondorioak ekartzen dituen.
Erruduna versus erantzulea: haurrak ulertu behar du jokabide desegoki bat
burutzen duenean, horrek ondorio bat ekartzen duela eta erantzukizuna berea dela.
Haur bati erruduna dela erraten diogunean haurrak sentitzen du bere burua
jartzen dugula zalantzan. Erantzulea dela erraten diogunean, berriz, eduki duen
jokabidea kritikatzen dugu, ez haurra bera.

􀂾 Onarpena: Haurra bera eta bere desioa beti onartu behar dugu.
- Haurrarengan sinistu behar dugu. Bere pultsionitatea batzutan gainditzen gaitu
baina ulertu behar dugu ez duela egiten gure kontra dagoelako bere beharragatik baizik.
Guk haurra erabat onartu behar dugu, nahiz eta momentu konkretu batean egin duena ez
onartu.
- Saiatuko gara ikasleak ez epaitzen (ez diegu egiten dutena ongi dagoen ala ez). Ez
dugu ikaslearen nahia epaitzen, ulertzen baizik. Jotzen badu, esate baterako, ikasleari
erranen diogu hori gelan ez dela egiten ahal, baina ez diogu erranen gaizki egin duenik.
Ulertu behar dugu zergatik jotzen duen, nahiz eta gelako araua oroitarazi.

5. OHIKO ZALANTZA ZENBAIT
1. Nola lagundu ikasle bati espazio batetik bertzera pasatzen, beti espazio berean
kokatuta badago?
Helburuak eta estrategiak:
Orokorrean ez dago estrategia bat espazio batetik bertzera pasatzeko.
Bai ikasle konkretu batekin. Ze helburu dugu haur zehatz horrekin?
Ezer baino lehen helburuak argi eduki behar ditugu.
Haur osasuntsua kapaza da arlo guztietan sartzeko. Leku guztietan murgilduko da.
Horrek erran nahi du haurra orekatuta dagoela.
Hala ere, haurrak ez du derrigorrez pasatu behar. Pasatuz gero, osasuntsua dela
adierazten digu.
Abiapuntua haurraren seguritatea da; fisikoa, psikologikoa eta emozionala.
Konfiantzazko harremana sortu behar dugu haurrarekin.
Berak ikusi behar du berarekin dagoen heldua segurua dela eta haurra errespetatzen
duela den bezalakoa.
Gure jarrera sendoa baldin bada, haurra entzuteko gai izanen gara eta ongi kokatzen
lagunduko dugu.
Gure estrategiaren arabera haurrak konfiantza izanen du gugan.
Haurrak gu lege eta erreferentzia bezala hartu behar gaitu.
Errepikapenak:
Interesgarriena beti errepikapenak izaten dira. Behin eta berriz errepikatzen duena
esanguratsua da.
Arlo batera inoiz joaten ez den haurrak zerbait interesgarria erraten digu.
Ez da bakarrik errepikatu egiten duena, nola egiten duen ere interesgarria da: haurraren
tonua, iraupena, ibiltzeko modua.
Haur guztiek bere garapen ebolutiboan angustia maila bat izaten dute. Horri esker
baliabideak bilatzen ditu angustia hori konpentsatzeko; mugimendua, jolasa… Horri
esker haurra aurrera doa. Angustia gehiegizko denean errepikapena ematen da. Horrek
erran nahi du haurra ez dela gai angustia hori gainditzeko baliabideak aurkitzeko.
Errepikapenak sasi seguritatea ematen dio.
Nola lagundu haurrari angustiatik ateratzen, seguritatea ematen?
Helburua, beraz, ez da errepikapenik ez egitea, angustiatik ateratzen laguntzea baizik.
Hezkuntza mailan ez dugu terapia egiten. Irakurri behar dugu nola funtzionatzen duen
haurrak -ez zergatik egiten du egiten duena- eta nola horri erantzun bat eman behar
diogu”
2. Nola lagundu haur bati tonua indartzen?
Haurraren tonua oso lotuta dago bere harreman historikoarekin.
Haurra txikia denean gorputzaren bitartez harremanatzen da. Ez du hitzik, ezta
pentsamendurik ere.
Plazera eta desplazera biziko du, bertzeek eragingo dizkioten esperientzien bidez.
Plazeren bidez gorputza zabaldu eta tonu egokia sortzen da.
Mina dagoenean gorputza gogortu eta tentsioa sortzen da.
Oreka eta desoreketan mobilizazio tonikoak daude. Tonua mugitzearekin batera historia
emozionala ere mugitzen da.
Mugimenduaren plazeraren bitartez tentsioak gutxitzen ahal dira.

Hipotonikoak:
Babes gehiegi izan duten haurrak dira. Umeek hasieran giro biguna dute baina geroago
frustrazioak bizitzea, esperimentatzea beharrezkoa da.
Babestuegi dauden haurrak ez dira gogortzen, tonua oso baxua dute. Ez dituzte mugak
bereizten. Mugarik gabekoak dira. Traketsak dira, dena erortzen zaie, oso umeak dira.
Frustrazioak gogortzen gaitu.
Bertze kasu batzutan, hipotonikoak arretarik jaso ez duten haurrak dira. Inork ez die
kasurik egiten eta etsi egiten dute, depresioa dute eta tonua ez dute garatzen.
Tonua da haurrarengan egon den bertzea (ama, aita...) Tonuan bertzea errepresentatuta
dago.
3. Nola lagundu haur beldurtiei?
Haur guztiek nahi dute plazer motorikoan aritu. Beldur direnek ere nahiko lukete.
Denbora eman behar diegu seguritatea sentitzeko. Plazera sentitzen badu, txikia bada
ere, beldurra gaindituko du.

6. SAIO EREDUA
Marian, 5 urteko ikasleen tutorea, psikomotrizitate gelara igo da, ortzegunero bezala,
goizeko 11,20etan. Ikasleak, oinetakoak kendu ondoren, psikomotrizitate gelara sartu
eta bazter batean lurrean margotuta dagoen borobilean eseri dira.
Marian ere euren artean eseri da, aulki txiki baten gainean.
- Gaur zertan arituko zareten pentsatu duzue?- galdetu die Marianek.
Zenbait ikaslek eskua segituan altxatu dute eta baten bat solasten hasi da bere txanda
itxaron gabe.
- Badakizue banan – banan hitz egin behar dugula- erran die irakasleak- Ea Irati,
zuk zer eginen duzu? – galdetu dio eskua altxatuta baino ixil – ixilik dagoen
neskato bati.
- Nik… - hasi da, pixka bat lotsati- nik salto eginen dut koltxonetan.
- Hagitz ongi. Oroitzen zara aurreko saioan zein ongi ikasi zenuen txiribuelta
egiten?- oroitarazi dio, neskaren aurrerapenak orainera ekarri nahian. Iratik ez du
deus erran, baina bere aurpegian zoriontasuna antzematen da.
- Eta zuk, Mikel, zer eginen duzu?
- Gaur ere borroketan ibiliko naiz. Ni izanen naiz pistoleroa eta Eneko eta Gabi
eta June ni harrapatzera etorriko dira- azaldu du emozionatuta, geroago bizi nahi
duena momentuan bertan biziz.
Horrela segitu dute, hitz eta pitz, solas egin nahi zuten denek euren momentua eduki
arte.
- Baina jolasten hasi aurretik, oroitaraziko dugu zein den salto gelako araurik
inportanteena.- erran die Marianek. Maddik eskua luze – luze altxatuta
daukanez, berari eskatu dio azaltzeko.
- Minik ez ematea. Ez gure buruari ezta bertzeei ere- erran du Maddik, erabat
seguru. Jonek ere eskua altxatuta dauka bertze zerbait adierazi nahi duelako.
- Baina mina ez da bakarrik kolpeen bidez jasotzen- erran du Jonek bere txanda
ailegatu denean- hitzen bidez ere, edo jolasten ez uztean, ere mina hartzen ahal
da bihotzean. Denak ados egon dira. Bihotzeko mina batzutan kolpeen mina
baino mingarriago izaten da.
Arauak erran ondoren, salaren erdian gomaespumazko kuxinekin eginiko pareta
botatzeko momentua ailegatu da. Ikasle guztiak lerroan jarri dira, hitz magikoa
entzuteko prest. Hitz magiko hori da pareta botatzeko baimena ematen duena. Gela
honetan TOMATE hitza erraten dute.
- Toma…xa- erran du Marianek, ikasleen pultsionitatearen kontrola aktibatu
nahian. Julen eta Iker lasterka atera dira, pareta botatzeko prest, Toma entzun
dutenean, baina “xa” aditzean bat-batean gelditu dira, pareta botatzeko grina eta
nahikariari aurre eginez.
- Toma… to. Toma… ku. Toma…. te- azkenean denak atera dira lasterka eta
pareta bota dute bozkarioz.
Paretaren zenbait kuxin hartu eta kuxinen mendi bat egiten hasi da Marian. Ikasle
batzuk kuxinen mendira igo dira, oreka eta desorekak esperimentatzera. Irakasleak
mendia egin eta ikasleek desegiten dute bertara igo nahian. Jolasa behin eta berriz
errepikatzen dute.

Marian mendiaren jolasean ari den arren, sala osoari begira eta adi egoten da. Horrelako
batean, Kepak sabaitik eskegita dagoen soka hartu eta balantzaka hasi da, soka azpiko
koltxonetan eserita zegoen Maiderri kolpea emanez. Maider negarrez hasi da eta Kepa
lasterka bertze toki batera joan da, ezkutatzera. Berehala ikasle kuadrila bat etorri da
Mariarengana.
- Maiderrek mina hartu du, Maiderrek mina hartu du. Kepak kolpea eman dio
sokarekin- erran diote oihuka.
Marian Maiderrengana hurbildu eta bere kontaktu fisikoa eskaini dio.
- Zer moduz zaude?- galde egitearekin batera, Maiderrek lehen baino negar
gehiago egin du oraindik.
Marianen helburua ez da, hasierako momentu honetan, zer gertatu den kontatzea,
barnean duen mina kanporatzea baizik. Bere ondoan egon da, bere sustengua eskaintzen
lasaitu den arte. Lasaitu ondoren Maider zer gertatu zaion kontatzeko gai izan da eta,
orduan, Marianek Kepari eskatu dio eurengana hurbiltzeko.
Kepa, poliki – poliki, hurbildu da baina eurengana ailegatzean arrapaladan hasi da hitz
egiten. Marian ohartu da Kepa ere ez zela ongi sentitzen, erruduna sentitzen zelako eta
bere burua zalantzan jartzen zuela.
- Penatuta zaude? – galdetu dio- Ez zenion minik eman nahi, ezta?
Marianek Kepari adierazten dio bere ongieza ulertzen duela baina bere ekintzak
ondorioak dituela eta ekintza bat egin baino lehenago, salto egin baino lehen, pentsatu
behar duela zein ondorio ekarriko duen. Hurrengo batean nola jokatzen ahal duen
aztertzen dute:
- Ba hurrengoan, itxaron beharko dut bera joan arte- erran du Kepak.
Kepa Maiderrengana hurbildu eta besarkada bat eman ondoren, biak atera dira lasterka
koltxoneten barna.
Asierrek eszena osoa begiratu du jakin-minaz. Egia erran Asierrek denei begiratze die
jakin-minez, baina parte hartzen ausartu gabe. Ikasturte honetan etorri da eskolara eta
oraindik ez da ausartzen bertzeekin batera jolasten. Bere begietan nahia ikusten da baina
bere gorputza iltzatuta bezala gelditzen da.
Marianek oihalen kutxa hartu eta ikasleei jakinarazi die momentu horretatik aitzinera
oihalak erabiltzen ahal direla. Oihal handi bat hartu du eta Asierri eskaini dio.
- Zu Superman izanen zara, Asier. Zer iruditzen zaizu?- galdetu dio oihala lepotik
eskegitzen dion bitartean. Bertze ikasle batzuei ere ideia gustatu zaie eta eurek
ere eskegi dute oihala lepotik.
- Gu ere, gu ere superman eta superwoman- hasi dira oihukatzen.
- Goazen hegan egitera- erran die Marianek, Asier eskutik hartu eta denak batera
koltxonetetara lasterka eta saltoka joaten zirela.
Asierrek, Marianen eskua utzi gabe, salto egin du eta zilipurdika ibili da koltxonetatan.
- Etorri Asier- erran dio Enekok- mundua salbatu behar dugu- Asierrek segitu dio,
Marianen eskua askatuta.
Gaurkoan, plazerak beldurrari tarte bat irabazi diola pentsatu du Marianek. Eta horixe
pentsatzen ari zenean, negar bat aditu du. Burua biratu eta negar sinbolikoa zela ohartu
da. Xabik eta Kattalinek etxe bat egin dute eta bertan Xabi nini txikia da eta Kattalin
ama. Bistan da gustura ari direla. Hain gustura ez dagoena, berriz, Oihana da, mutur
oker, eurei begira.
- Zer gertatzen zaizu, Oihana?- galde egin dio Marianek.
- Ergelak direla. Ez didate jolasten uzten.
- Ergela zu izanen zara- erantzun dio Kattalinek etxe barrenetik- Guk egin dugu
etxe guztia eta egin ondoren zuk sartu nahi duzu. Deus egin gabe.
- Zergatik ez diezu opari bat egiten ea horrela jolasten uzten dizuten- erran dio
Marianek, ahopeka, belarrira.
- Zein opari- erantzun dio Oihanak, begiak zabal – zabalik.
- Etxean ez duten zerbait. Egia da etxe ederra egin dutela baina zure laguntzarekin
ederragoa izan daiteke.
- Badakit- erran du, bat-batean. Korrika atera ea oihalen kutxaren ondoan zegoen
panpina bat hartu du- Begira zein opari ekarri dizuedan- erran die etxe
barnekoei- Haur txikiarentzako panpina.
- Bai, bai…- erran du Xabik, ume txikien ahotsa imitatuz eta eskuarekin panpina
seinatuz.
- Sar naiteke oparia ematera?- galdetu du Oihanak, mesfidati, oraindik.
- Bai, sartu, sartu- erran dio Kattalinek- Baina hurrengoan zuk ere lagundu etxea
egiten, eh!
Saioak aitzinera segitu du eta hasierako borobilera joateko tenorea hurbiltzen ari zenean,
Marianek abisatu egin die.
- Bost minutu falta dira bukatzeko!- erran die.
- Bakarrik bost minutu? Ez da posible!- erran dute, batek baino gehiagok.
Bost, lau, hiru, bi… minutu falta zirela abisatzen jarraitu du eta azkenean bukatzeko eta
biltzen laguntzeko momentua ailegatu da.
- Denbora akitu da. Hasiko gara biltzen!!- abisua eman die Marianek.
Ikasle batzuk segituan hasi dira oihalak, makilak, panpinak, ontziak… biltzen eta
kuxinak baztertzen, hasierako borobilean berriro eseri ahal izateko. Bertze batzuk, aldiz,
jolasten segitzen dute eta ez dute plazer sensoriomotorretik alde egin nahi. Pixkanaka –
pixkana, hala ere, denak hurbildu dira borobilera.
- Nork kontatu nahi du gaur zer egin duen?- galdetu die Marianek.
Aunitzek altxatu dute eskua eta nahi izan duten guztiek euren saioa kontatu dute.
Marianek konfirmatu die beraiek errandakoa, berak ere egin dituzten saltoak,
zilipurdiak, harrapaketak, etxeak.. ikusi dituela erranez. Asier ere animatu da gaurkoan
solas egiten bertzeen aitzinean eta superman izan dela kontatu die denei.

Saioaren gora beherak oroitu ondoren, Marianek ipuin bat kontatu die; “Bi etxe ditut eta
zer?”. Xabiren gurasoak banatu dira eta Xabi gaizki pasatzen ari da. Psikomotrizitate
saioan ere, ume txikien papera hartzen du azken boladan eta Marianek pentsatu du ongi
etorriko zaiela horretaz hitz egitea. Ipuinean, banandu den bikote baten semeak
kontatzen du zein triste sentitzen zen hasieran baina denborarekin ikasten du banaketak
ere gauza onak ere badituela eta hobe dela gurasoak banatuta egotea, elkarrekin gaizki
baino. Ipuinaren ondoren elkarrizketa sortu da eta denek izan dute euren iritzia emateko
aukera.
Gaurko saioa bukatzeko Marianek erran die marrazki bat eginen dutela; etxe bat. Batzuk
ez zuten etxea marraztu nahi bertze zerbait baizik, baina Marianek erran die gaurkoan
denek gai bera marraztuko dutela; etxea.
Marrazkia bukatu ondoren, ikasle guztiak borobilean eseri dira berriro eta elkarri
erakutsi diote egin duten marrazkia. Izugarri gustatzen zaie euren marrazkia bertzeei
banan – banan erakustea. Gaur Xabiren marrazkiak arrakasta handia izan du, etxe baten
ordez bi marraztu dituelako; ama eta aitarena. A ze pagotxa!
Margoak, orriak, arkatzak, margoak… bildu ondoren, ikasleek gela agurtu eta kanpora
atera dira berriro oinetakoak janzteko.
Ikasleek oinetakoak jantzi bitartean, irakaslea pareta muntatzen hasi da, hurrengo
taldeak gela prest izan dezan. Azkarren janzten diren ikasleak ere psiko gelara sartu eta
Marian laguntzen dute. Gela prest utzi eta gero denak joaten dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina